TUTORETZA PLANA

1. TUTORETZA

Tutoretza kontzeptzioa

Tutoretza-iharduera etengabekoa da, hau da, esparru eta momentu guztietan ematen da.

Lehen Hezkuntzan, ikastaldeen prozesuetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen duenez, irakasle guztiei dagokie tutore funtzioa burutzea. Horretarako, irakasleak elkarlanean iharduteko, ezinbestekoak dira ikaslearen jarraipeneko asteroko saioak.

Tutoretzaren helburuak

Haurren garapen harmoniko eta osoa (emozionala, soziala eta kognitiboa) da xede nagusia, eta Hezkuntza Proiektuan jasotako helburuak dira lortu nahi direnak.

  • Garapen emozionala: Sentitu, bizi, adierazi: auto-ezagutza, auto-konfidantza eta oreka pertsonalean oinarrituta, jarrera baikorra eta eraikitzailea garatu nahi dugu gure ikasleengan. Norbanako eta taldearen hazkunde emozionala…
  • Garapen soziala: Elkarrekin bizitzen ikasi, besteekin harremanetan disfrutatu eta talde lana egiteko gai izatea da gure azken helburua. Hiritar kritikoak izan gaitezen… jarrera zabalak bultzatu eta balore positiboak barneratu.
  • Garapen kognitiboa: Ikasleak ikasten eta pentsatzen ikastea eta ikasitakoa erabiltzeko gai izatea lortu nahi dugu, etengabe ikasteko grina piztu.
    Hauez gain, ikasleekiko eta familiekiko hurbilketa lortu nahi dugu, umea eta bere mundua sakonago ezagutzeko eta haien inguruan ditugun aurriritziak  baieztatzeko edo aldatzeko.

Tutorearen betebeharrak

Ikasleari dagokionez, bai ikastetxean bai taldean ondo integratzeko, ihardueretan parte hartzeko, ikas-prozesuko bidea argitzeko, eta bere sentimenduak, kezkak,  bizipenak adierazteko eta hauek bideratzeko laguntza eta gure aholkua ematen zaio.

Ezinbestez, ikaslearen ikas-prozesuan parte hartzen duten irakasle kideen inplikazioa, elkarlana eta koordinazioa bilatzen dugu.

Tutoreari dagokio familiarekin harremanetan egotea. Hasteko, eskolaren eta haurrak ikasiko duen mailaren berri emateko, eta batez ere, bere seme edo alabaren ikasketa prozesuaz hitz egiteko, eta, zailtasunik edo arazorik balego, hauei elkarrekin aurre egiteko.

Eremu bakoitzean tutoreek beteko dituzten zereginak deskribatuko ditugu jarraian:

1.- Ikasleei lotuta:
• Ikastetxean eta lagun-taldean ondo integratzen laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezatela bultzatzea.
• Unerik berrienetan ikasleei aholkuak ematea: ikastetxe berrian sartzean, hezkuntza-ziklo edo –etapa aldatzean,…
• Ikasleen ikasketa-prozesuen jarraipen orokorra egitea, hezkuntza-erantzun eta/edo laguntza egokiak emateko.
• Ikasleen eskaerak, kezkak, kexak… bideratzea, eta, taldeko ordezkariarekin lankidetzan, gainerako irakasleen eta Zuzendaritza Taldearen aurrean bitartekotza egitea, sortzen diren gaietan.

2.- Ikasle-taldearen irakasleei lotuta
• Bere taldeko irakasle-taldea koordinatzea, bai programazioan, bai ebaluazioan, baita irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuko banakako egoeren eta egoera orokorren azterketan ere. Tutoreek hiru bilera egin beharko dituzte gutxienez ikasturteko, bere taldeko irakasleekin. Tutoreak bilera horien berri idatziz jasoko du.
• Tutoretza-plana jakinaraztea, adostea eta garatzea, planetik sortzen diren jardueretan esku hartzera eta elkarlanean aritzera bultzatuz.
• Ikasleen ezaugarriei buruzko informazioa ematea maila horretako irakasleei, eta programazioan, ebaluazioan eta hezkuntza-harremanean duten inplikazioa jakinaraztea.
• Bere taldeko ikasleen ebaluazio-prozesua koordinatzea, eta ebaluazio-prozesua egiteko saioak antolatzea eta saioen buru izatea.
• Curriculumaren egokitzapenetan laguntzea: curriculumegokitzapenak, hezkuntzan berariaz esku hartzeko proiektuak, curriculum-aniztasuneko programak,  premia bereziak dituzten ikasleentzako errefortzu-jarduerak eta haien hezkuntzan esku hartzeko jarduerak.
• Ikasleen ikasketa-zailtasun orokorrenei erantzutea, eta, ahal izanez gero, aurre hartzea, programazioari beharrezko egokitzapenak eginez, eta banakako hezkuntza-premiei ere erantzutea, horrela, beharra ikusiz gero, curriculum egokitzapena egiteko.
• Ikasleen ebaluazio-prozesua koordinatzea.

3.- Familiei eta/edo legezko tutoreei eta beste gizarteeragile batzuei lotuak:
• Ikastetxearen eta hezkuntza-etaparen berri ematea gurasoei edota legezko tutoreei.
• Banakako hezkuntza-prozesuaren jakinaren gainean jartzea, eta lankidetza eskatzea.
• Familiak eman dezakeen informazioa jasotzea, ikaslea eta haren familiaren testuingurua hobeto ezagutzeko.
• Gurasoei aholkularitza ematea; besteak beste, alderdi hauetan: ikasketa- eta portaera-arazoen konponketan, ikasketen antolaketan eta plangintzan, eta ikasketa erabakiak hartzeko garaian.
• Seme-alabak irakaskuntza-jardueretara azaltzen diren eta jardueretan parte hartzen duten jakinaraztea ikasleen gurasoei edota legezko tutoreei, eta haren  hezkuntza-prozesuaren berri ematea.
• Eskola-jarduerekin lotutako gai guztiei buruzko informazioa ematea ikasleei, haren gurasoei eta/edo legezko tutoreei, haiek irakasleengana edo ikastetxeko aginte-organoetara jotzeko duten eskubidearen kalterik gabe. Tutorearen asteroko bisitaren ordutegia jakinarazi beharko die ikastetxeak familiei.
• Familien parte hartzea bultzatzea ikastetxean.

Tutoretza burutzeko esparruak
a) Tutoretza saioak: ez dugu berdin jokatzen Haur Hezkuntzan eta Lehenean. Haur Hezkuntzan ez da berariazko saiorik agertzen; geletan batik bat hitz egiten da zenbait gaiei buruz: eskola eta etxe kontuak, zaletasunak, bere sentipenak… eta beste gai batzuk tratatzen dira. Etapa honetan lan honen oinarria BEHAKETA da,
etengabekoa da eta espazio desberdinetan egin daiteke (gelan, patioan, psikomotrizitateko gelan, komunean, jantokian…) 

Ikasleekin saio kolektiboetan agertzen diren gaiak zerrendatuta daude eta irakaslearen esku-hartzea zehaztuta. Irakaslearen eskuhartzea garrantzizkoa da solas hauetan.

Jarrera errezeptiboa erakutsiko du gertaeren aurrean sortzen diren gaiak jasota: Hauek gero ikasleen aurrean jarriko ditu, iritzia eman eta bere sentimenduak azaleratu ditzaten. Lagundu egingo zaio ikasleari sentimenduei izena jartzen.

Haur Hezkuntza zikloan, gela barruko zein kanpoko funtzionamendua hobetzeko, beharrezkoa ikusten dugu arau batzu biziki lantzea. Arau hauek umeei zuzenduta eta, ahal den neurrian, haiekin adostuta egongo dira. Landu beharrekoak ondorengo hauek izango dira:

 Arropa eta gure gauzak zaindu
 Ezin da txokoz aldatu
 Hitz egiteko txanda itxaron eta hatzamarra altxatu
 Aditasuna besteek hitz egiten dutenean
 Materialea jaso eta paperak paperontzira bota
 Elkarri laguntza eman
 Pasabideetatik astiro eta ixilik joan
 Borrokan ez ibili

Metodologiari dagokionean, ez dugu arau hauek mailako sailkapen bat egiteko beharra ikusten. Oso oinarrizkoak dira, baten bat izan ezin (ezin da txokoz aldatu);  kasu honetan bere kokapen naturala izango litzateke hiru urteko gela. Beraz, tutore bakoitzak talde bakoitza desberdina delako eta aniztasuna kontuan hartuz, ikasturte bakoitzean zeintzuk landu erabakiko du.

Lan hau aurrera eramateko, arau bakoitzari dagokion txartela prestatu dugu. Lantzeko momentuan umeen begibistan egongo dira, behar den lekuan kokatuta. Arau bakoitzaren barneraketaren iraupena ez dugu zehaztuko, talde bakoitzaren ezaugarri eta erantzunaren arabera egingo da.

Umeen portaera arauen aurrean kontrolatzeko ”economía de fichas” delakoa erabiliko da. Egunero, etxera joan baino lehen, balorazio bat egingo dugu; honen arabera gurutze gorri edo berdea jarriko zaie eta astea buketzerakoan, gurutze gorri bat baino gehiago daukanak ez du saririk jasoko; besteek berriz.
diploma bat eskuratuko dute, non adierazten den araua errespetatzen badakitela.

Arauez aparte badaude zenbait gai, haur hezkuntzan landu behar direnak. Batzu gure eguneroko dinamikan lantzen ditugu, espazio guztietan (gela, potioa, psikomotrizitate gelan…) eta modu etengabean. Gai hauek dira:

 Aniztasuna
 Hezidetza
 Norberaren irudia
 Harremanak
 Osasuna

Beste gai batzu, berriz, oso momentu puntualetan ager daitezke. Orduan, naturaltasunez tratatuko ditugu gaiok ipuin batzuen bidez. Gai hauek hurrengo hauek  izango lirateke :

 Heriotza
 Banaketak, adopzioak
 Anai-arreben jaiotzak
 Etxe aldaketak

Saiatuko gara ikasturte honetan gai hauek bideratzeko daukagun materiala aberasten.

Lehen Hezkuntzan berariazko tutoretza-saio bat agertzen da ordutegian. Ziklo bakoitzeko taldeek ordu berean izan dezaten ahalegintzen gara. Hauetan taldearen errealitatea aztertzen dugu, harremanak ikertu, komunikazioa landu, egoera pertsonalak agerian jarri…. Hauez gain, auto-ezagutzara bideraturiko hainbat
teknika eta joko proposatzen eta gizarteko gai eta arazoak tratatzen dira, hauen aurrean jarrera positiboa ager dezaten.

Etapa honetako saioen edukia dagoeneko zehaztuta dago (zikloaren arabera zehaztapen maila desberdina) eta gai desberdinak multzoka antolatuta:
Funtzionalak: ziklo bakoitzeko funtzionamendurako oinarrizko arauen azalpena (ikus eranskinak).

Harremanak: zikloko ikasleen ezaugarriei erreparatuta planifikatzen dira gaiak, materialak eta prozedurak.
Sentimenduak (autoestima): zikloko ikasleen ezaugarriei erreparatuta planifikatzen dira gaiak, materialak eta prozedurak.
Norberaren antolamendua (ardurak): etxean zein ikastetxean.
Gizartearekiko jarrera positiboak: kontsumoa, euskara, ingurumena…

Lehenengo zikloko gaiak honako hauek dira:
1. Ikasleen harrera eta integrazioa
2. Gela-taldearen antolamendua eta funtzionamendua
3. Pertsona, eskola eta gizarte mailako garapena eta
egokitzapena

Denboralizazioa:

LEHENENGO GAIA

LEHENENGO IKASTURTEA

BIGARREN IKASTURTEA

IKASKIDE BERRIA DAUKAGU *

IKASKIDE BERRIA DAUKAGU *

HONELAKOA NAIZ NI I

HONELAKOA NAIZ II

 

IZEN METATZAILEAK

BIGARREN GAIA

LEHENENGO IKASTURTEA

BIGARREN IKASTURTEA

TALDEKA LAN EGITEN DUGU I

JOKU ARAUDUNAK

GELAKO ELKARBIZITZA ARAUAK

I

GELAKO ELKARBIZITZA ARAUAK

II

SOZIOGRAMA I

SOZIOGRAMA II

HIRUGARREN GAIA

LEHENENGO IKASTURTEA

BIGARREN IKASTURTEA

NOLAKOA NAIZ

ITXURA ONA

ARDURATSUA NAIZ I

ARDURATSUA NAIZ II

NIRE FAMILIA I

NIRE FAMILIA II

JARRERA                  KONTROLATZEN

IKASTEN DUGU

AGURREN HORMA IRUDIA

JOSTAILUAK I

JOSTAILUAK II

NESKAK             ETA             MUTILAK:

DESBERDINAK ?

GAUZEK EZ DUTE SEXORIK

OTSOA, ELTXOA ETA NI JAUNA

OKER JOKA DEZAKET

ARMIARMA SAREA

NORI DAGOKIO?

ERABAKIAK    HARTZEN    IKASTEN

DUGU

IZARRA

TUTORETZA BALIOESTEN DUGU I

TUTORETZA BALIOESTEN DUGU

II

2. zikloko gaiak honako hauek liratezke:

1. Ikasleen harrera eta integrazioa
 Ikasleen aurkezpena
 Kanpotarren integrazioa

2. Gela/taldearen antolamendua eta funtzionamendua.
 Araudia
 Eskolako ardurak
 Eskolako funtzionamendua eta antolamendua

3. Lan ohiturak eta norberaren zaintzari lotutakoa eskuratzea eta hobetzea
 Agendaren erabilpena
 Etxerako lanak
 Garbitasuna

4. Pertsona, eskola eta gizarte mailako garapena eta egokitzapena
 Autoestima landu
 Sentimenduak adierazi
 Jarrera egokiak adierazi
 Pentsamendu baikorrak
 Familia
 Etxeko ardurak
 Emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasunak
 Elkarbizitza
 Kontsumoa
 Ingurumena 

3 zikloko gaiak ondorengo hauek liratezke: 

1. Ikasleen harrera eta integrazioa
 Ikasleen aurkezpena
 Elkar ezagutu (ni eta lagunak)

2. Gela/taldearen antolamendua eta funtzionamendua.
 Araudia
 Eskolako arduren banaketa
 Soziogramak

3. Lan ohiturak eta norberaren zaintzari lotutakoa eskuratzea eta hobetzea
 Agendaren erabilpena
 Etxerako lanak
 Nolako ikaslea naizen
 Irakurketarekiko arreta
 Aisialdiaren antolaketa

4. Pertsona, eskola eta gizarte mailako garapena eta egokitzapena
 Autobiografia (0-2, 2-10, 10-12 urte eta etorkizunean)
 Nire indargarriak
 Besteekiko harremanak (indarkeria, kritikak onartzea, agur egokia, irribarrez hartu, mesedeak eskatu, begiradaren garrantzia, besteak indartu, jarrera ezegokiak kontrolatu, asertibitatea, ezetz esaten jakin)
 Sexualitatea
 Publizitateak transmititzen dituen baloreak
 Bideojokoak eta jolasen baloreak
 Kontsumoa
 Inguruaren zaintza
 Aintzineko ohiturak, jolasak eta bizimoduak ezagutu
 Tutoretzaren balioa 

Orokorrean saio hauetan egiten denak euskarri fisiko bat edukitzea komenigarria ikusten dugu: marrazkiak, fitxak, ideiak edo akordioak jasota… Ziklo bakoitzak bere materiala izango du Baliabide karpetetan.
– Aukeratutako ipuinen irakurketak
– DVDen irudiak ikuskatu
– Jolas kooperatiboak
– Esketxak sortu eta antzeztu zenbait egoera eta erantzun isladatzeko.
– Abestiak, dantzak…
– Bestelako jolasak eta jokuak: harrapaketak, brile, futbola, ostiko beisbol, izkutaketak, “a la una salta la mula”
– Irudiak erabili, emandakoak eta sortutakoak: marrazkiak, argazkiak…

Tutoretza saioetan taldearen errealitatea aztertuko dugu: (arazoak, ondo dabilena…), harremanak ikertu, komunikazioa landu, egoera pertsonalak azaldu, zein momentuetan aurkitzen diren behatu eta egoerak sortu jokabideak eta rolak aztertzeko eta azalarazteko.

Tutoretza saio hauetan bi dinamika eramaten dira aurrera:

 Egoera pertsonalak ikusi, nola sentitzen diren jabetu eta behar izanez gero, momentu horretan edo banakako saioan eskuharmena egin. (kontuz, ezin gaitezke honetan bakarrik gelditu beti arazoak eta arazoak bilatzen eta aztertzen)
 Egoerak sortu hainbat baliabide eta teknika erabilita. Era honetan autoezagutzera bideratzen ditugu: afektiboki, harremanetan eta aurreritzietan. (ezin gaitezke honetan gelditu ere, beti aktibitateak sortzen errealitatea inoiz aztertu gabe).

b) Ikasle antolaketa: Gure ikastetxean Ikasle antolaketa eta Tutoretza saioak elkarturik jorratzen ditugu. Saio hauen ezarpen maila ere desberdina da etapa eta zikloen arabera.

Haur Hezkuntzako gela guztietan “makinista” bat izendatzen dugu zerrenda jarraituz, Makinistak eguneroko errutinak egiten ditu: egutegia, eguraldia, eguneroko plana, umeen zenbaketa eta faltak, txoko aldaketak… Honez gain, gelan materiala falta bada (orriak, fotokopiak, ezabagomak…), bera arduratzen da bulegora joaten eta materiala eskatzen.

Lehen Hezkuntzan ikasleen partaidetza ahalbideratzeko bi atal ditugu:

 Zerbitzuen batzordeak: 2. eta 3. Zikloetako ikasleen hauteskundeetan hautatutako ordezkariak zerbitzuen funtzionamenduaz arduratzen dira. Zerbitzuak hauek dira: Agenda 21, materiala, mediateka eta Euskaraz Bizi. Material eta Euskaraz Biziko arduradunek euren lanen berri Tutoretza saioan eskaintzen dute; Agenda 21koak irakasle arduradunarekin biltzen dira hilean behin, ekintza edota kanpainak antolatzeko; Mediatekako arduradun nagusia telebista, irratia, egunkaria eta txikiwebeko funtzionamenduaz arduratzen da, eta bestalde, eguneroko lana burutzen duten ikasleak hiru dira: 6., 5., eta 4. mailako ikasle bana.

 Lan Taldea: Saio hauetan, eskolako gai funtzionalak (arauak, ohiturak, antolaketa, balorazioak…) eta gizartearen aurrean ikaslearen jarrera positiboak bilatzen dituzten gaiak tratatzen ditugu eta ekimen ezberdinak burutzen dira helburuak lortzeko. Talde honen osaketa honako hau da: ziklo bakoitzeko irakasle bat, Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzeko bi ikasle, Ikasketa Burua, irakasle espezialista bat eta Arreta Bereziko Zerbitzuko beste irakasle bat. Gutxienez, hilean
behin elkartzen da, eta gairen batek hala eskatuko balu, areagotu daiteke.

c) Tutoretza iharduera Departamentuetan: Gure gelen eraketak, aktibitateak, adinen nahasketak, eta, azken batean, gure ikasteko moduak sentimenduak loratzen laguntzen eta harreman ezberdinak bultza arazten ditu. Hortaz, momentu eta aukera asko ditu irakasleak eskuhartzeko. Ikaslearen pista franko aurki ditzake geletan eta ekimen hauetan guztietan: Informazio hau jaso eta gero, tutoretza saioetan lantzeko. Ez dugu zertan jolasak asmatu beharrik, eskura baititugu egoera errealak.

Irakasleak datuak jasotzeko behaketa fitxa erabil dezake eta ikasleak auto-ebaluaketarako orrian idatz ditzake balorazioak. Bi hauek tresna ederrak dira harremanak aztertu eta hobetzeko. (Ikus II. eranskina).

d) Jangela esparru hezitzailea: Jangela esparru hezitzailetzat hartzen dugu, beraz Hezkuntza Proiektuarekin bat etorri behar da. Horretarako beharrezkoa ikusten dugu jangelako egiturak (sukaldariak, zaintzaileak, koordinatzaileak) ikasle eta irakasleen egiturekin, hau da, Tutoretzako bilerekin eta Lan Taldeko bilerekin txertatzea. Era berean lotura izan behar du gurasoekin: zuzenean koordinatzailearen bitartez, edo zeharka tutoreen bidez.

Kurtsoan zehar informazio idatzia pasatzea komenigarria ikusten dugu, beti ere, langileen ordutegiak eta lan baldintzek aukera eskaini ezkero; eta hortaz aparte, gatazkak edo arazo larriak direla eta, beharrezkoa ikusten den guztietan. Ikasleak beraien jokabideak aztertzea eta ondorioak ateratzea beharrezkotzat jotzen  dugu. Beste esparruetan bezala (eta hemen bereziki), gatazkak sortzen direnean eskuhartze protokoloa zaintzea ezinbestekoa da. (ikus eranskina).

e) Egoera anitzetan eskuhartzea: (jolastokia, karrajuak, liburutegia, komunak, irakasle ordezko batekin daudenean…) Arazoa behatzen duen irakasleak hartuko du ardura. Oso arazo larria bada soilik, irakasle horrek tutorearengana joko luke (errespetu falta, inolako kasurik ez, jarrera bortitza, …) (gatazka protolokoa ikusi eranskinetan).

Esku-hartzea:
1. Momentuan geldiarazi. Ondorengo prozedura aurrera eramateko denborarik ez balego, geroago egingo genuke. (garrantziaren arabera).
2. Ikasleei entzun, haiekin hitz-egin. (haien artean adostu zer gertatu den irakasleari kontatzeko)
3. Horrela bideratuta balego, amaitutzat emango genuke.
4. Neurriren bat hartu behar bada: egin dutenaren garrantziaz ohartarazi, eurek adostu edo pentsatu nola konpondu ahal duten egin dutena. (reparación)
5. Horren jarraipena ere irakasle horrek egingo du.

Oharrak: Jolasaldi zaintzak: ikasleak etengabe aurrera eta atzera eskolako atetik eta komunetatik, egoera hau  kontrolatzen saiatu behar gara. Geletan adostuta dago inor ezin daitekeela geratu (ikus gertakarien orria eranskinetan).

f) Banan-banako tutoretza: Ikaslearekin banan-banan sistematikoki hitz egiteko saioak dira. Asmoa: guztiekin egotea da, eta hori segurtatzen dugu, dena den beharrek agintzen dute. Ikasturte hasieran ikasle berriek dute lehentasuna; eta gero, informe edota gurasoen elkarrizketa garaian, komeni da 4., 5. eta 6. mailako ikasle bakoitzari irakasleok bere ikas-prozesuaz egiten dugun balorazioa transmititzea.

Gaia: Esandako ikas-prozesuaz gain, ikaslearen bizipenez (eskolan, kalean etxean…), bere zaletasunez, sentimenduez, iritziez, lanaren antolamenduaz,… hitz egiten dugu.

Haur Hezkuntzan ume batzuk maiz hurbiltzen dira irakaslearengana berarekin egoteko beharra dutelako. Gainontzekoekin, gutxitan hurbiltzen direnekin, irakasleak bilatuko du momentu eta leku egokia: psikomotrizitate gela, jolasordua, espezifikoak sartzen direnean,… 

Lehen Hezkuntza: banakako tutoretzak burutzeko ondoren proposatzen diren gaiak gidoia bezala erabiliko ditugu:

1. Egoera eskolarra: zelan departamentuetan (gelan)?, zelan kideekin?, Zer da gehien gustatzen zaizuna? (zergatik?), nortzuk dira zure lagunak?, lan egitea gustatzen zaizu?, zergatik zatoz eskolara?, zelan irakasleekin?, zerbitzuetan?…
2. Etxeko egoera: Nortzuk bizi dira zure etxean?, nebaarrebekin harremanak?, etxean laguntzen duzu?( zertan?), nor etortzen da zure bila?, pozik zaude?, norekin jolasten duzu?…
3. Zaletasunak: arratsaldeetan, kalean, jolastokian, …
4. Lotura afektiboa lortzeko: tutorea bihurtu behar da ikaslearen laguntzailea, binkulazio afektiboa lortzen saiatu behar gara.
5. Ikasleak bere garapenaren kontzientzia izan dezan: gainontzeko irakasleen iritziak, pertsonalak zein akademikoak, jakinarazi.
6. Harremanetan dauden gatazkak bideratu.
7. Ikasleek rol ezezkorrak adierazten dituztenean.
8. Norberaren antolamenduan lagundu.

Haur Hezkuntza: tutoretza mota hau 4 eta 5 urteko ikasleekin, bereziki, egiteko egokia ikusten dugu. Ez 2 eta 3 urtekoekin, oso kasu berezia edo ume oso heldua ez bada behintzat.

Elkarrizketa formala eramatea posiblea ez delako. Ondorengo gidoia erabiliko dugu elkarrizketa bideratzeko:

1. ESKOLA
– Zelan gelan? Zelan lagunekin?
– Non zaude gustorago? Zein da gehien gustatzen zaizuna? Zergatik?
– Nortzuk dira zure lagunak?
– Zergaitik gatoz eskolara? (haiek ez dute uste bakarrik jolasteko)……

2. ETXEA
– Nortzuk bizi dira zure etxean? (amama, aitite…)
– Neba-arrebekin harremanak
– Etxean zer egiten duzu? Pozik zaude?
– Nor etortzen da zure bila? Ona da? Gustatzen zaizu? Jolasten du zurekin?
– Eta norekin jolasten duzu? (lehengusuak,…)
– Etxean laguntzen duzu? .Zertan…?….

3. ZALETASUNAK
– Arratsaldetan zer egiten duzu? Zergaitik? Nola? …
– …Nagusia izan nahi duzu? Zelan txikiekin? Zelan nagusiekin?

2. IRAKASLEEN ARTEKO KOORDINAZIOA<br /> ETA PRESTAKUNTZA

Ziklo bilera
Astean behin eskolari eta zikloari dagozkion aspektu funzionalak eta pedagogikoak aztertzen dira. Hauetaz gain, arauak ezarri eta gatazkak aztertzeko (prebenzioa eta irtenbideak bilatu) esparru egokia da. Kasu konplexuetan tutorearen eskuhartzea bakarrik ez bada nahikoa, zikloko beste irakasleen iritziak eta ikuspegiak lagungarriak izaten dira.

Sektore bilera
Ikasle bakoitzaren ikas-prozesua aztertu, baloratu eta eskuhartzea adosten da bilera hauetan. Ikaslearen beharrak atzeman behar dituzte eta hauei aurre egiteko laguntzak ipiniko dituzte. Gure eskuhartzea etengabe baloratuko da. Ikaslearen promozioaz arduratuko da, bai eta ziklo artean ikasturte hasieran izan behar den informazioaren transmisioan.

Sektoreko irakasleak, ABZkoak, eta tutoreek burutzen dute lan hau. Saio hauek hiruhilabete hasieran antolatu behar, parte hartzen duten irakasle guztiek egoteko modua izan dezaten.

Honela, hiruhilean behin egiteko aukera izango dugu. Ziurtatu behar da talde guztietako ikasle guztiez hitz egiten dela (ez
soilik arazoak dituztenez) (ikus eranskinak).

Bilera hauek diseinatzerako orduan kontutan izan beharrekoak:

 Irakaslearen aurriritzia ikasle eta familiarekiko: ahalik eta objetiboenak izan daitezen saiatu behar dugu, bere aurreko “previo” edo ezaugarriak kontuan izanik.
 Ikaslearen karpeta: ikasle bakoitzak bere karpeta izango du, bertan ikasturte desberdinetako edota beste ikastetxe batzuetako edo erakundeetako txostenak bilduko dituelarik.
 Departamentu desberdinetako analisiak izan behar ditu, ikasketa prozesuaren prebioak (interesa, jarrera, erritmoa, gaitasuna…); era berean, ikaslearen konpetentzia maila islatu behar da, behaketa pista eta ebaluatzeko pistetan oinarrituz; aurrerapenak eta zailtasunak adierazi behar dira, eta baita beste esparru desberdinatako informazioak ere (jangela, aisialdia, aholkularitza…). Hau guztia kontuan
izanik, adostutako eskuharmenerako estrategiek azaldu behar dute, dagokion eranskinean idatziz.

Zikloen arteko informazio trukatze bilera
Zikloz promozionatzen duten ikasleen informazioa eskaintzeko bilera da. Ekainan edo irailan egiten da, irakasleriaren finkotasunaren arabera. Bertan, ziklo bakoitzeko bi tutoreek ikasleriaren informazioa jasoko dituzten ikasleen zehetasunak luzatzen dituzte, eta baita taldeak egiteko
irizpideak ezartzen dira ere.

Ikasleen jarraipenerako bilera
Bilera mota hau hiruhilean behin burutzen da.Tutorearentzat oso garrantzitsua da Aholkularitzatik berak jaso dezakeen laguntza behar bereziak antzemateko, kasu horien jarraipenak egiteko eta eskolatik kanpoko erakunde eta espezialisteekin harremanetan jartzeko.
ABZkoek oso egoera aberaratsa daukate behaketa eta eskuharmena egiteko. Departamenduen dinamikak eta ikasleak ezagutzen dituzte, banakako jarraipena egin dezakete eta distantziarekin ikus dezakete prozesua.

Honez gain, eskuharmen orokorragoa eskaini dezakete guraso eta irakasleen artean bitartekari eta laguntzaile gisa (erabakiak hartzeko, harremanak korapilatuta daudenean…) parte har dezake, baliabide bereziak eskaini eta kanpoko laguntzak bidera ditzakete.

Tutore bakoitzarekin harreman estua izateaz gain, komenigarria eta beharrezkoa da euren partaidetza sektore bileretan eta zikloko bileretan. Ume espezifikoentzat emandako irizpide eta laguntzaz gain, besteentzako eta departamendu eta aktibitateei buruzko irizpide aberasgarriak (denboralizazioa, gelako estruktura, aktibitateen antolaketak…) eskaintzen ditu.

Laguntza eta ikuspegi guzti horiek arlo guztietara zabaltzeko Batzorde Pedagogikoan eta gainontzeko bileretan parte hartzea ere beharrezkoa da (zein gai jorratu, nola… sentsibilitate ezberdinak gogoratu…).

Honen inguruan Aniztasunaren Trataerari buruzko txostenean informazioa eta argibide gehiago agertzen da.

Zuzendaritza Taldearen parte hartzea
Zuzendaritzak tutoreen formakuntzarako esparruak (jarraipen bilerak eta zikloko bilerak) eta ekintzak (emanaldi pedagogikoak, kanpoko ikastaroak…) antolatu, informatu eta bideratu egiten ditu.

Batzorde Pedagogikoak eta klaustroak izan ohi dira komunikaziorako tresnak. Batzorde Pedagogikoko bilerak hilero egiten dira eta klaustroak komenigarria ikusten denean (Gutxienez, hiru hilabetez behin).

Tutoreentzat Zuzendaritza erreferentzia bat izan behar da. Gatazka batek (ikasleen artekoa, ikasle eta irakasleen artekoa, irakasle eta gurasoen artekoa…) tutoretza, zikloa eta Aholkularitzaren markoak gainditu dituenean, hau da, estamentu horiek erantzun egokia eman ezinik dabiltzanean Zuzendaritzara jotzea komenigarria eta beharrezkoa da.

Guraso eta tutoreen artean desadostasuna dagoenean zuzendaria edo ikasketa buruaren eskuhartzea oso inportantea da. Beraien irudiak objetibotasuna eskaintzen du eta korapiloak askatzeko baliagarriak izan ohi dira.

3. GURASOEKIKO ERLAZIOA

Tutorearen funtzioen artean honako hauek aipatzen genituen: 

Ikastetxearen eta Hezkuntza Etaparen berri ematea gurasoei, banakako hezkuntza prozesuaren jakinaren gainean jartzea eta lankidetza eskatzea, eta ikasle eta gurasoei hezkuntzaprozesuaren berri ematea.

Komunikazioa ezarri behar da beraz, familia edo tutela dutenak eta tutorearen (eta beste irakasleak behar denean) artean. Horretarako mota ezberdinetako bilerak eramaten dira aurrera:

Gelako edo zikloko bilerak kurtsoaren hasieran eta banakako bilerak kurtsoaren zehar bitan, gehi bai familiaren aldetik bai tutorearen aldetik beharrezko ikusten den bakoitzean.

Kurtso hasierako bilera orokorrak, gela edota zikloko funtzionamendua, departamentuen aurkezpena, adinari dagozkion ezaugarriak, ezagut arazteko eta gurasoen kezkak asetzeko aukera eskaintzen du.

Horiez gain, informe idatziak bidaltzen zaizkie familiei prozesuaren informazioa azalduz. Komunikazioa jorratzeko bide aberatsena (neketsuena ere) elkarrizketa dela uste dugu. Bertan informazioa emateaz gain, jaso egiten da eta elkarrekin eskuhartzeko aukera sortzen da. Gainera elkarrizketetan (hobe aita eta ama azaltzen badira) irakasleak eta gurasoak elkar ezagutzeko aukera dago, gero haurren jokabideak ulertzeko eta bideratzeko lagungarria izanik.

Gurasoekin elkarrizketa eta idatzizko txostena
– Idatzizko txostena: Hiru informe idatzi ematen dira ikasturtean zehar, bat hiruhileko bakoitzean.
– Banan-banako elkarrizketa: hau da guretzat modurik eraginkorrena familia seme-alabaren prozesuaz behar bezala jabe dadin, eta aldi berean, informazio trukatuz, denon ikuspuntuak aberasteko. Hauetan irakasleek aukera dute, familiak emandako informazioarekin, ikasleari buruz duten ikuskera zabaltzeko. Zailtasunen aurrean, pentsatzen dugunetik abiatuta, familiarekin diagnostiko bakarra eraikitzen saiatzen gara eta eskuhartze bateratua bultzatzen.

Ikasturtean zehar bi elkarketa planteatzen dira gutxienez:
aurreneko hiruhilekoaren amaieran eta ikasturte bukaeran. Zikloa bukatzen duten ikasleen kasuan, komenigarritzat jotzen da bi tutoreak egotea. Era berean, NECdun edo errepikatu behar duten ikasleen kasuan, Pedagogia Terapeutikoko irakaslea egoteari gomendagarria deritzogu ere bai.

Dena den, premien arabera, behar adina elkarrizketa plantea litezke bai tutoreak bai gurasoek eskatuta. Azken hauetan, garrantzia handia ematen diogu beharra lehenbailehen atzemateari, elkarrizketak egoki prestatzeari, eta hauek baldintza txukunenean gauzatzeari. Bai eskolak bai familiak eska dezake bilera (ikus eskaera ereduak eranskinetan).

Ados jarriko gara hitz ordua jartzerakoan. Honetan moldakorrak izango gara, baina neurri batean. Bat etorri ondoren, tutoreak bileraren deia idatziz egingo du.

Bilera aurretik prestaketa lanari ekiten diogu. Bileraren helburua garbi ezarriko da, beharrezko informazioa bildu eta antolatuko da eta, behar izanez gero, beste irakasleren bat inplikatu.

Gurasoek normalean zer jakin nahi duten kontuan hartuko dugu: euren seme-alaba non kokatzen den, zer nolako aurrerapenak egin dituen, nolako zailtasunak dituen, zer egiten dugun zailtasun horien aurrean… Komeni da aurreko txostenak bilerara eramatea, ikaslearen prozesuari buruzko informazioa eta hartutako erabakiak esku artean izateko.

Elkarrizketan tutorea egotea nahikoa izango litzateke orohar. Laguntza jasotzen duten ikasleen kasuan, PTEa edo Aholkularia bileran egotea komenigarria ikusten bada, gauza daiteke. Arazo larriak somatzen direnean, beste departamentuetako irakasleak egon daitezke ere bai.
Ez promozionatzeko arriskua ikusten denean, komenigarritzat jotzen dugu tutorea bakarrik ez egotea (ziklokideak, Arreta Bereziko irakasleak…). Honen harira, ez duela promozionatuko jakin arazi ostean, beharrezkoa izatekotan, Ikasketa Burua edota Zuzendariarekiko biltzearen komenigarritasuna aztertuko da.

Elkarrizketa burutzerako baldintza egokienak bilatzen dira:

 ordutegia ikasleriaren irteerarekin bat egin ez dezan saiatu beharko dugu, denbora pitin bat izateko zentratzeko eta baldintzak kontrolatzeko

 elkarrizketa ez da solasaldian burutu behar (zarata, espazioa, ordezkapenak…). Hala ere, salbuespenak baloratu beharko dira

 hitzorduak burutzeko ostiral eguerdia da unerik egokiena. Hala ere, gurasoren batek ezinezkoa balu, beste tarte bat bilatzen saiatu beharko dugu

 ahal den neurrian, atezaina aldez aurretik abisatu (ez da komeni gurasoak ikastetxetik noraezean ibiltzea) 

 elkarrizketa ez da inolatan ere kalean burutuko

 giro patxadatsua egotea sarreran, bitartean eta amaieran

 presarik ez izatea baina denbora kontrolatzea

 dokumentazioa aurrean izatea

 bileraren helburua markatu eta ez desbideratu

 elkarrizketan irakasle bat baino gehiago egongo denean, aurretik estrategiak edo zeinek koordinatu adostu

 ez baieztatu edo ezeztatu argudiorik gabe

 hitzegindakoa ulertu dutela ziurtatu, ondorioak laburbilduz

 ondorioak ateratzea eta hauek idatziz jasotzea (norberaren arabera doa bileran bertan idatzi edo honen ondoren, baina bai gurasoek jasota geratuko dela jakin behar dute, eta behar denean, aurreko bileraren laburpentxo bat eskaini ere bai)

 ez dugu inoiz beste ikasleei buruzko informaziorik eman behar

 familiek beste irakasleak aipatu edo hauei buruzko informazioa eskatzen dutenean, irakasle horrengana desbideratu

 kontuz ibiltzea ematen den informazioarekin: hizkeraren eta informazioa kontrola (beti profesionalak eta isilpekoak izan behar du)